1998. urtean hasi ginen antzerkiarekin. Hasieran bost “inoxente” elkartu ginen eta paperak banatu, ikasi eta entsaioak egiten hasi ginen, baina ez genuen inondik inora argirik ikusten; izan ere, bost “jakintsu”ginen, denok genuen zer esana: batek, “zuk hori horrela egin beharko zenuke”esanez; beste batek, ezetz, horrela ezetz, honela egin beharko lukeela eta abar. Oilategi baten antza zeukan.

Halako batean, Lierni Orratxera gobindatzea lortu genuen, bere antzerkiko istorioak eta urte sabatikoa hartu zuela jakin ondoren. Garai hartan entsaioak Haurtzaindegian egiten genituen, eta hantxe azaldu zen, agindu bezala. Ikusi gintuenean jarri zuen aurpegiari argazki bat atera baliote, orain Donostian beldurrezko pelikulak jartzen dituzten aretoetan egongo zen, baina profesionala izaki, eta ez nolanahikoa, eta berehala eman zion buelta eta lanean jarri gintuen. Ordura arte “Oilategian” hainbeste eztabaidatutako lana, pikutara, hori bai, beti ONDO egiten genuen, eta orain ere bai, jakina, izan ere Lierniren esaldi kuttunena hauxe baita: ONDO EGIN DUZU, BAINA….

Beti du bere BAINA hori. Horri esker, lehenengo lana txukun-txukun antzezteko gauza izan ginen, hau da, Dario Foren “Ordaindu, bai zera!”.

Antzezlan hori bi edo hiru herritan antzeztu genuen eta nahiko arrakasta ona izan zuenez, beste bat prestatu genuen. Garai hartan aldaketa batzuk izan genituen, batzuk alde egin zuten eta berri batzuk sartu ziren. Gure taldean kasting gogorra egiten dugu sartu ahal izateko eta proba hori gainditzen duenari, hurrengo urtean papera ematen diogu. Ez dakizuela zer egin behar den? Musika teknikaria izan urte batez. Ikusten duzue behetik hasten garela. Baina ez pentsa erraza denik. Adibidez, lehen urtean Olatz ibili zen eta gainditu bazuen ere, “karrera” egiteko aukera ez zuen aprobetxatu, eta ondorioz ez da aberastu, gu bezala. Sabinek, berriz, ez zuen probarik egin behar izan, ikusi bezain pronto Liernik onartu egin zuen, beharko! Obra horretantxe izan zuen Amaiak proba egiteko aukera, eta ondo gainditu zuen. Urte horretan Dario Foren beste obra bat antzeztu genuen berriz ere, “Bozinak, tronpetak eta zalaparta” 

Lan honekin herri gehiagotan ibili ginen, esate baterako: Billabonan, Oiartzunen, Beran, Pasaian e.a.

Gero, hor ibili ginen beste lanen bat aukeratu ezinik eta azkenean Alfonso Zurroren hiru obra ttipirekin hasi ginen, (Lunarito, Bilis eta Tronpa eta Hegan egin nahi zuen gizona), Dario Fo bazterrean utziz. Amaiak musika teknikariaren proba 10 batekin gainditu zuenez, bi paper, oso desberdinak, egin zituen; bata Kosmetxorena, gaztetxo birjina, eta bestea Ama Birjinarena , biak primeran eginez. Urte hartan Emili fitxatu genuen, kastingik egin gabe; teknikari lanetan aritzeko, berriz, Bego.

Taldea ezaguna egiten ari zenez, gero eta toki gehiagotatik deitzen ziguten; urte horretan, 2001, adibidez zenbait plaza berri ezagutu genituen: Aramaio, Hernani, Urnieta… 

Hurrengo emanaldia atzeratuta etorri zen (pintore apartak eta eskerrak lapurrari); gu martxan jarriak ginen, antzerkia aukeratu eta paperak ere banatuak baikenituen. Eta bat-batean, horretan ari ginela, gutako batek hanka puskatu ez zuen ba! Han gelditu ginen zer egin ez genekiela. Halere, gogoratu ginen antzerki mundu honetan Patxi eskarmentu handiko gizona zela eta agian gurekin aritzea gustukoa izango zuela, eta zorionez baiezkoa eman zigun. Halere, ordezkoa topatu bagenuen ere, estrenaldi osoa atzeratu behar izan genuen; Gainera, urte horretan ospakizun asko izango genituen herrian; batetik, Lezo sortu zela 800 urteurrena (2003) eta bestetik hainbeste espero genuen areto berriaren estrenaldia, izan ere era guztietako tokietan izan ditugu emanaldiak, batik bat frontoietan. Zuek ez duzuela sekula ikusi pilota partidarik antzoki batean? Ba, antzerkia frontoietan hamaika aldiz.

Gure beste “alma materra”, bere laguntza teknikoa ezinbestekoa duguna, ezin ahaztu: mila esker Txema! 

Ondoren etorri ziren hurrenez hurren, Komediante tunante (Alesio) 2004an Edurne sartu zen urtean;  Zozoak beleari ipurbeltz 2005ean; Zerraldo bidaiariak 2007an; Trapulale 2008an (herritar arkoren partehartzearekin, Gurutze eta Eñaut besteak beste); Zuhaitzak zutik hiltzen dira (2009an); 10.urteurrena (2010ean) Leire beste batzuen artean hasi zitzaigun; Gatazka (2011n); Hemen da Kabareta (2012an) zoritxarreko urtea, gure Gurru zendu baitzen, haren ordez antzezlan hau beste taula batzuetan egin ahal izateko Iñigo hasi zitzaigun; Kale gorrian (2013an) eta taularutako azkena Hariak (2014) Garazi, Maite eta Josebaren  partehartzerekin (Garaziren paperean Ihintzak sartu behar izan zuen, hark ezustean taldea utzi behar izan baitzuen). Eta sortzen ari garen azkena