Orratx Txiki!-ren estreinaldiak, larunbatean

Gezala Auditoriumean Orratx! Txiki Antzerki Taldeak hiru obra eskainiko ditu larunbatean. 11:00etan hasiko dira.



Orratx! Txiki Antzerki Taldeko kideak irrikaz daude azken hilabeteetan landu dituzten obrak jendartean zabaltzeko. Hurbil dute horretarako eguna: etzi (larunbata) aurtengo estreinaldien eguna izango da. Eta ez bakarra. Hiru obra eskainiko dituzte Orratx! Txikiren barruko hiru taldeek.
Etziko ikuskizunak Gezala Auditoriumean egingo dituzte. Lehenik, 11:00etan, txikienen taldeak Txanogorritxo modernoak lana taularatuko du. Ondoren, ertainen txanda izango da (11:30 inguruan): Gezurrak obra eskainiko dute. Azkenik, kozkorrenen txanda (12:15 inguruan): Kutsidazu bidea, Peio! antzerkia izango da eurena.
Ikasturte bukaerako emankizuna izango da larunbatekoa. Edonola ere, antzerki taldearen arduradunek jakinarazi dute datorren ikasturterako izen emate epea aurki zabalduko dutela. Lezoko antzerkizaleekin bat egin nahi dutenek, haiekin harremana egin behar dute izena emateko.
‘Ay, Karmela’
Txikiek bakarrik ez. Helduek ere txingurritxoak dauzkate urdailean, haien urteko estreinaldia iristear delako. Hala, uztailaren 2an eta 3an eta Gezalan (bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira), Ay, Karmela! lana antzeztuko dute.
Txikien zein helduen ikuskizunez gozatzeko sarrerak erosi behar dira. Horiek Lezoko Udalaren Interneteko sarrera salmenta zerbitzuan eskura daitezke.